Etorkizuneko historialariak, geroari begira
Azken urteetan galdera zorrotza egiten ohi dugu geure historialari zereginaren inguruan: Posible ote da iraganean gertatu zena buruzko ezagutzarik? Eta gaur egunekoaz? Nola bihurtzen da iraganeko ezagutza «Historia», geure historia? Historia edo historiak? Egia esan, guk zera baino ez dugu ulertzen, gu geuk asmatu eta sortzen duguna, gu geuk prozesu batzuen bidez burutzen duguna. Ezagutza zientifikoa batez ere prozesu asmatua eta lanez antolatua. Aurkikuntzarik bere zentzurik hertsienean ez da gertatzen. Aurkikuntzaren bidea, prozesuan gertatzen ohi dena da eta sortzen dena da ezagutza zientifikoa. Eta ezagutza zientifikoa denboran barrena, historian barrena osotuz goaz, eta gero eta ulergarriagoa egiten zaigu. Eta aurkikuntza definitzen dugun hori, prozesuaren une bat baino ez da. Behin behinekoa alegia eta beraz aldakorra, hurrengo aldaketaren aurreko unea. Horrez gainera, testuinguru aplikatuan hartzen du ezagutza zientifikoak bere froga balioa. Eta historialariok ere testuinguru aplikatuan berifikazioak egiteko gaitasuna irabazten ikasi behar dugu.
Mendebaleko Europan, modernitatearen proiektuaren arabera eta ildoan idatzi ohi da historia. Historizismoaren oinarri teorikoak abiapuntutzat harturik, iragana «Historia «bihurtzeko lana da historialarion zeregina. Baina azkenaldian, historialarion zereginak zabaldu eta ugaritu egin dira. Adibidez, gerra zibilen ondoren hainbat erakunde egiazko batzordeak antolatu dituzte, benetan gertatutakoaz agiriak biltzeko eta historia anitzak burutzeko, bereziki galtzaile eta azpiratuen ikuspegiak bermatzeko testigantzak eta agiriak sortuz. Agiriak sortu eta lortu gabe, nekez burutu ahal izango da 1936ko gerra eta ondoko garai frankistan gertatu zen Historia. Horretan ere historialarik egiazko historiaren alde izugarrizko lan baliagarriak burutzen ari dira, gizartearen zerbitzuan. Propaganda politikoaren aurkako ekintzabidea da historialariona, argibideak sortuz.
Modernitatearen proiektuaren araberako Historia, Europear ikuspegia besterik ez balego bezala jokatu ohi du. Jerarkizazio inplizitoa gertatzen da geure diskurtso historiografikoan, iraganeko gertakizunak historia linealean kokatzen ditugularik, alfa eta omega halabeharrezkoak balira bezala.
Zibilizazioen abiada ez dira gertatzen ez eta interpretatzen halabeharrez bilakaera teleologikoaren arabera. Egia da denbora, espazioa edo balioen ikuspegien artean, batzuk gailentzen direla eta historialariok bereizten dugu arazoen dentsitatea, zein den nagusi eta zein marjinal edo ez zuzen. Giza eskubideen definizioa eta bermatzea historian barrena gertatu ohi den bilakaera etikoa dugu. Jakina amaiera gabeko historia alegia.
Baina badaude egon beste zibilizazio batzuk eta guri dagokigu aintzat hartzea ere. Iraganaren kontakizunean historia barik, sarritan metanarrazioa asmatzen joan ohi gara Europear esperientzia bakartzat eta nagusitzat harturik. Eta egia esan, Europear mundu ikuspegia eta gizarte antolakundea, gehien hedatu ohi dena munduan barrena, XVI mendez geroztik izan arren ez da bakarra izan. Ameriketan, Australian, bereziki baina baita Afrikan eta Asian Europear balio eta antolaketa politiko instituzionalak eratu ohi dira. Guztien artean, nazio-estatuaren egitura dugu kapitalismoarekin batera Europako zibilizazioaren ikur garrantzitsuenetarikoak.
Mundu mailan antolatzen den bost urterik behin historialarion biltzarra guzti honen jabe da honezkero. Ikusi besterik ez dago azken Kongresuetan egindako eztabaida eta datorren urterako Amsterdanen prestatu ohi dena.
Hala ere, erresilientzia historikoak gertatu ohi dira. Aldaketaren ildoan egokitzen jakin ohi duten giza taldeek, herriak, erresilientzia sakona izan ohi dutela erakutsi dute. Euskal Herriaren iragana eta Historia horren adibide gisa aztertzea garrantzitsua da. Fisikan, hezkuntzan, psikologian eta azken aldian ekosistemen azterketan eta azalpen ulergarrietan erabiltzen ohi den erresilientzia kontzeptua, historiarako ere erabilgarria dugu. Eten gabeko aldaketa abiadan daude gizakion gizarte antolaketak eta hala ere iraupen luzeko egiturak eta joerak nabari dira. Aldaketa ez da beraz iraunkortasunaren eragozle, lagungarria baizik. Eta hala eta guztiz ere iraupen luzean jarraitzeko gaitasun berriak sortarazten dira. Gizarteen eta herrien erresilientzian sakontzeko, Historiaren azterketa premiazkoa gertatzen zaigu.
Ezagutzaren gizartean Historiaren garrantzia
Ezagutzaren gizartea deitzen dugun honetan, historialarion lana berriztatu eta indartu egin da. Premiazkoa bihurtu da. Baina edozein historia edo istorio ez da aintzat hartzen ez hartuko. Horra gure erronka. Zientzia historikoen eremuan ere berrikuntzak gertatu dira eta historialarion egiteko eta ikertzeko erak ere aldatu egin ohi dira. Ezagutza historikoen dentsitate handiko lana izateko, ulergarria eta baliagarria izan behar du ere gizarte zientzien eremuan.
Egiaren bila abiatzea da gurea. Baina egiaren hegalak eta inguruneak ez dira berdinak. Nazioarteko zientzia historikoen bilkuretan,bost urterik behin gertatzen denean, bertan konturatzen gara kronologiak ugariak direla. Urteak zehazteko era ere desberdina da. Baina bestalde, kronologia komunak, urteak kontatzeko era desberdinen artean, komunikazioa lortzeko gaitasuna ere lortua dugu.
Historia eta literatura elkarren ondoan izan dira eta izanen dira etorkizunean ere. Baina zientzi historikoen lanetan dihardugularik, gure ezagutza historikoa,gure ikerketa eta lorpena behin behinekoa dela konturatuz, probisionalitateak eransten digun ezinegon hori hain zuzen ere, zientzi arloko historiolarion akuilu eta eragile bihurtzen da. Historia ez da amaitzen. Historia bizi bizirik dirau. Eta oraindik orain, gure lur honetan hainbat populazio eta pertsona Historian sartu ezinik dabiltza, ez dutelako aurkitu nor idatzi, zientzi ezagutza eta hizkeren arabera bere narratiba bere historia, bere etorkizuna. Seguruenik metanarratiba propioa asmatua dutela, zientzi historikoen araberakoa ez izan arren.
Literatur oinarrietan idatzitako historiak bere horretan amaituak eta itxiak dira, metahistoriaren sortzaile direlako. Finkoa eta aldaezina da eta garrantzitsua da begirada hori ere. Denbora jakin batetik at dagoelarik eternitatearen barrualdean du bere logika nagusia eta horregatik iraunkorra gertatzen da. Literatur eremuan sortzen diren metahistoriak gizartearen iragana ulertzeko baliagarriak dira. Erlijioen adierazpidean goren mailako literatur lanak agiri zaizkigu. Baina horregatik ere bere horretan itxiak dira eta alda ezinak. Kristauen «salbazioko historia», sortu ohi den metafora eta ilusio handienetarikoa da, inmortalitate eta betirako bizia eskaintzen duelako, beti betirako zoriona.
Baina zientzi historikoen arloa, iragana zientzi historikoaren oinarrietatik abiatuz gero, aldakorra eta epekako behin behineko aurkikuntzaz beterikoa dugu, beraz amaitu ezina. Historialarion artean eskeptizismoaren fede gutxiko aukera indartu egin ohi da. Pyrro Elizeakoaren hautuak eta premisak, helenismoaren garaikoak, hamazazpigarren mendean berriztatu egin ziren. Eskeptizismoa gogoeta berriak eragin zituen eta zientzi historikoen oinarriak jarri ziren. Garai horretan hasi ziren agirien zehaztasun eta benetakotasuna egiaztatzeko bideak. Giro horretan, gure A. Oihenartek Euskal Herriaren historia pentsatu eta asmatu zuen. Gertakizun kronologikoak ez ezik, diskurtso eta ikusmira historiografikoa burutu zuen. Eta XVIII mendean, eruditismo eta oinarrizko jakinduriaren garrantzia bereizten zen, entzikopediak burutuz eta aldi berean bereiztuz jakinduri horretan finkaturik sortzen den diskurtso historiografikoa.
Metanarratiba handien osten, histori zatikatu egin da eta gaur egunean ere, askorentzat zientzia historikoa lortu ezineko zientzi eremua bihurtu ohi da. Baina egia zientzi metodoen bidez posible da, G.Leibnizen adierazten zuen ildoan: Probabilitatezko egiaren zatiak, mailak ezagutzeko hurbilpenen bidez gure egitekoa bideratzen dugu. Posible da egiak argitzea. Baina horretako tokian tokiko eta agirien bidezko historia, lan taldeen bidez egitea baino ez dugu. Ikerketa etnografikoa eta mikroa halabeharrezkoa gertatzen zaigu etorkizunari begira. Historiolarion ondorioak ere eguneroko gizartean bere balio aplikagarria eta enpirikoa behar dugula jakinik.
Euskal Herriko historian barrena.
Oihenart aipatu dugu eta abiapuntua da, Euskal Herriko historiaz zientzi historikoen aplikazioaren. Egiazko historia sortzeko gogoa eta asmoa azaldu zuen, kritiko zorrotza izanik. A. Oihenart bezalako idazle euskaldun batek, Nafarroako historia ardatz hartzen zuelarik, Gaztelakoen konkista salatzeko eta Frantziaren erregearen eskubideen alde, baskoak edo baskoiak, hots euskaldunak, sujeto sozial historiografiko bihurtu zituen. Mendebaleko hiru euskal herrialdeak ez zirela Cantabriakoak defenditu zuen eta Nafarroako erresuma, Vasconiako lurraldeetakoa zela aldarrikatu, Nafarroako erresuma Frantziako erregearentzat izateko. Agiri asko erabili zuen eta kritika zorrotza dokumentuen azterketarako. Frantziako Erregearen mapagintzan, 1707an Nicolas de Fer hego Euskal Herriaren mapa irudikatu zuen: «La Biscaye divisée en ses 4 principales parties et La Navarre en ses merindades». XVIII mendean barrena, J.Ph.Belak eta Joseph Eguiateguy eta XIX mendean beste idazle asko, euskaldunen historiak idazten eta asmatzen hasi ziren. Hegoaldean, historiografia, legelarien eskuko zientzia bihurtu zen, lejitimazio legala eta politikoa lortzeko, foru teoriaren babespean. Euskal herritarren baitan oinarrituriko narratiba historikoa asmatu zen jadanik. «Euskalerriko Adiskideen» sorreran, euskal historia «nazionalaren» hau da mendebaleko hiru probintzien historia komuna idazteko proiektua aurkeztu zuen Olasok eta Landazurik idatzi zuen bai,hiru herrialdeetako historia.
Hala ere, iraultza liberalaren dinamikan, euskaldunen historia abiapuntu eta paradigma desberdinez azter zitekeela argitzen eta nabaritzen joan ohi zen. Alde batetik Espainiako hiztoriazko Erret akademiak, ukatu egiten zituen euskal historiak zituen oinarrizko mito fundatzaileak. XIX mendean, narratiba eta metanarratibak indartu egin ziren. Euskaldunei buruzko historiak ipar Euskal Herrian azaldu ziren ugari. Euskaldunak historiaren sujeto eta abiapuntu bihurtu ziren. Literatura historikoen oinarrituriko nobela eta leiendak indarra hartu zuten. A.Txaho edo Navarro Villoslada eta besteak gogoratu besterik ez. Eta bigarren erdian, A. Campion eta Karmelo Etxegarairek zientzi historikoen eremuko historia sortu zuten. A. Campionek karlismoaz interpretazio sikologistak egin zituen. Campion historia eta fikziozko literatura uztartzen saiatu zen. Literatura bidezko kontakizunak zituen gogoko, egia historikoa adierazteko, era ederrean adierazita, bere garaiko gizartearen kezken trasunto bihurtzen zituen. Campionen ustez, mitoak badu egiaren zatia adierazteko gaitasuna eta azken batean gizakion patua eta grinak ezagutzeko, literaturaren bidea zen zuzenena. Historia arte ederretako edo literaturaren atala bihurtzen zuen. Ideia bera bere memorietan, Pio Barojak idatzi zuen. Horregatik da Arturo Campionen lana goi mailakoa, literatura eta ikerketa historikoa burutzeko gaitasuna izan zuen, metanarratiba komun baten harian.
Eta euskarazko produkzioan ere bada egon ikuspegi historiko eta historiografikoa. Jurgi Kintanak argitu digu euskal kondairaren haria euskaraz idatziriko testugintzan ere agiri dela, euskaraz asmatua alegia. XIX mendean ere nabarmendu zen euskarazko ildoa. A. Campion horren jabe zen eta garaikide izan zuen K. Etxegarai ere, honen lehen lanak euskaraz idatziak izan zirela, historia-leienden inguruan. Mende bukaeran K. Etxegaraik Trabajos de un cronista (1898) liburuan idatzi zuen» la más constante y arraigada de mis aspiraciones: la de contribuir por mi parte a la renovación de los estudios históricos relativos al país vascongado, a fin de que sean cada vez menos espesas las tinieblas que pretenden ocultarnos cual era la manera de pensar, de sentir y de obrar, cual era, en suma la manera de vivir de las generaciones que en la sucesión de los siglos ocuparon el solar euskaro» (…) «la historia no es obra exclusiva de los grandes, de los próceres, de los caudillos, mas que de ellos, es obra de los pequeños, de los desconocidos, de los anónimos de los invisibles, de aquellos que constituyen lo que llamamos pueblo»
Oihenartek XVII mendean idatzi eta egin zuen bezala, K. Etxegaraik ere mito-leienden edukia eta historiazko benetako gertakizunen iradokizuna bereizgarriak behar zuten.
XX mendean Euskal Herriko Historia lanean, maisuak izan dira, J.M. Barandiaran edo Telesforo Aranzadi lehen historiaren arloan eta bereziki gaur egungo historiaz, Bonifazio Etxegarai Th. Lefebvre, I. Gurrutxaga eta bigarren erdian, zubi lana eginez J.Caro Baroja. (Sakonago aztertzeko begira Historia de Euskal Herria. Historia general de los vascos 6 liburukiko historia orokorrean lehen liburukian idatzi dudana, Lur Argitaletxeak argitaraturik 2004an)
Azken hiru hamarkadetan Euskal Herriko Historiaren ikusmira erabat aldatu da. Zientzi historikoen metodoak eta ikerketarako bideak nagusitzen doaz. Hala ere euskaraz gutxi lantzen da, begirada euskaldunaren abiapuntua premiazkoa izan arren, ahula da.
Eusko Ikaskuntzako Vasconia aldizkariaren hogeigarren urteurrenerako 2004an, etorkizuneko eginbeharrak aipatu eta nabarmendu nituen. Indarrean dirau nire nahia: «Hogei urte barru, euskarazko historiografiaren garapena indartsuagoa izatea nahi nukeela, azpiegitura sendokoa, erudizio handikoa eta nazionarteko eztabaidetan txertatua, Europa berriko ikuspegien araberako diskurtsu historiografiko berrien abiadan».
Euskarazko literaturak izugarrizko garapena lortu duen bitartean, zientzi historikoetan oinarriturikoak aldiz ez da nabarmendu. Horra gure erronka nagusi bat.
Gertakizunak bere horretan mutuak dira, harik eta norbaitek interpretazio jakin baten harian jarri arte. Azterketa bidea edo narratiboa erabil genezake baina azken batean zientzi historikoetan oinarriturikoa beti izango da probisionala eta eragile ondoren bestelako bat sortzeko. Baina badago egon haria eta sarea. Horra garrantzizkoa, haria eta sarea ere ez dira berez sortzen. Ulergarri egiteko zergati bakarreko azalpenak beti izango dira murritzagoak. Azken aldian, baloreak, erlijio ikuspegiak, produkzio sistemei loturik indarra hartzen ari dira.
Azken batean, etnografian erabiltzen ohi den ildotik, aktore zuzena, mikrohistoria eta biografia lana da nire ustez garai bateko giroa eta ezagutza lortzeko biderik zuzenena. Gure interpretazioa eta ulermena zorrotzagoa izango da: Pertsonak, taldeak eta bere ingurumaria. Horra historia handiak sortzeko giltza. Eta horretarako halabeharrez, ikerketa taldeetan lan egin behar da. Historialari bakartia eta literatur sortzaileen ildokoa izan da eta izango da. Baina zientzi historikoetan ere ikerlari askotariko lanak helburu berriak eta jomuga handixeagoak lortzeko ezinbestekotzat dela uste dut. Modu horretan, gizakiak berriz ere zientzi historikoen helburu izango ditugu.
Azken batean, historilariok zera frogatu behar dugu: zientzi historikoetan oinarriturik badugula zerbait esateko garrantzitsu eta berria gure gizarteko kide eta etorkizunekoentzat. Edozerk edo edozein diskurtso edo asmakizun historikoak ez du balio, zientzi historikoen eremuan. Gure ikerketa lana premiazko bihurtu behar dugu eta bada hainbat arlotan, ondarearen arloan, edo egiazko batzordeetan eta beste eremuetan ere etorkizuneko gizartearen mesedetan. Historialarion lan fina, azken batean mesedegarria eta halabeharrezkoa da gizakiaren zati handia memoria delako eta Historia eta istorioak gizataldearen oreka eta bizi pozerako bide dira.
Joseba Agirreazkuenaga
Gaur egungo Historiazko Katedraduna. Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitatea