Periferiako periferiatik hainbat gogoeta Geronimo Uztaritzeko ibilbideaz
Azkar igaro dira azken 25 urteak. Gezurra dirudi, baina zaila dut gogoraztea Geronimo Uztarizen hasierako urrats haiek. Izan ere, orduan, Nafarroako txoko periferiko batean, Baztan haranean bizitoki eta lanbide nituen. Politikotik, ekonomiatik eta nahi den ikuspegietatik gorpuzten ari zen «Navarra amejorada» delakotik arras zokoraturik zegoen eskualde hori. Asisko Urmenetak orduantxe maixuki azaldu zuen Napartheideko erreserba antzeko batean. Gure izenkide Geronimo apatxe antzera erreserbara mugatu nahi gintuzten, gure Historia Institutuaren garaikidea zen Vascuenceren Legearen bitartez.
Irakasle, orduko Elizondoko Lanbide Eskolan, nintzen eta historia apur bat ematen banuen ere, ordu gehienak beste ikasgai batzuei hala beharrez eskaini behar nizkien nere jarduna osatzeko. Denbora eskasa, beraz, historiarako eta askoz gutxiago ikerketak aurrera eramateko. Baina Geronimo Ustaritzek antolatu zuen lehen Biltzarraren berri izan nuen eta aurreko urteotan, Lesakako Udal Artxiboan eta Nafarroako Artxibo Nagusian kostata lortutako dokumentazioari esker atondu nuen komunikazio xume bat «Bidasoako Burnioletaz» ari zena. Emilio Majuelok «1934.ko Urriaren Iraultzaz» eta Txomin Castillok «Konbentzioko gerla Nafarroan 1793-1795» izkiriatu zituztenekin, euskeraz aurkeztu ziren hiruretako bat.
Enpresarialetako Eskolan burutu genuen estreinako biltzar horretan, nire komunikazioa euskeraz azaldu nuelako, publikotik galderen txandan, bata oldartu zen nire kontra. Oroitzen naiz, Gonzalo Anesen begirada irrifartsua lagun nuela, nola erantzun nion, esanez, burniolen eta bizimodu baten amaieraz ikertzen ari ginen bezala, etorkizunean euskeraren antzeko bukaeraz ez aritzeko, behar beharrezkoa izanen zen gure hizkuntzari plaza guztietan, baita historiako biltzarretan ere lekua ematea. Jende asko zegoen areto hartan, eta horrelako ezjakitun edo probokatzaileren bat azaltzeak ez ninduen asko harritu baina hortik hilabete batzutara, asaldatu ninduena izan zen gure Geronimo Uztarizeko orduko buru batek, zer nolako matraka eman zidan nire testua erderatzeko. Berau Alderdi Komunistatik Euskadiko Ezkerrera joandako buruzagia zen eta ezin nuen ulertu bere burua abertzaletzat jotzen zuen horrelako alderdietako batek nola ulertzen ote zuen aniztasun kulturala eta euskeraren aldeko lana, gure mintzairaren apur gutxi horiek indargabetu nahiean ibiliz.
Baina pasadizo horren gainetik, garrantzitsuena izan zen, estraineko aldiz ikerlari eta historialari multzo handi batek Nafarroako Historia garaikideari buruz- I Congreso de Historia de Navarra de los siglos XVIII-XIX y XX- izenburupean, biltzar haundia burutu zuela. Eremu historiko oso desberdinetan lantzen ari ziren ildoak, gai berriak eta zaharrak, azaldu ziren hortxe eta «Principe de Viana»k berak argitara eman zituen hurrengo urtean, bi liburuki mardulen bitartez. Inguruko unibertsitateak edo erakundeak urtetan egin ez zutena, Geronimoren hasieran zegoen talde txikiak akuilatuta, historia egiteko eta ezagutzeko zegoen grina azaltzearena, errealitate bihurtu zen 1984.ko abenduko azken egunotan.
Bigarren biltzarra, UPNAko egoitzan burutu genuen, bospasei urte beranduago. Jende gutxiagorekin baina lehen biltzarra bezain mamitsua. Ordurako Geronimo Uztaritzeko ikerlari zenbaitek tesiak eta antzeko ikerlanak arras landuta zituzten. Hori dela medio, historia politikoren arloan, Demografian, Gizarte historian.. gauzatzen ari ziren aurrerapen horiek biltzar horrek islatu zituen. Orduan ere Geronimo Uztarizen baitan, hainbat ikerketa talde- Nafarroako Industrializazioaz; Nekazal jabegoaz, Demografiaz..- indarrean zeuden eta horiek ere beraien emari nabarmenak azaldu zituzten.
Hirugarren biltzarra ospatzeko, berriro ere UPNAN izan genuen aterpe. XX. gizaldia bukatzear zegoela eta mendeurrenari amuari koxka egin genion » Nafarroa XXI Mendearen atarian» lerrobururen pean aritzeko. Txosten mardulen bitartez 21 ikerlarik landu genuen historiografia, ekonomia, gizartea, politika eta kultura. Oraindik oso gogoan dut orain dela gutxi joan zaigun Pablo Antoñanak emandako hitzaldia «Navarra un ocaso proyectado» non ikuspegi zorrotz bezain heterodoxoarekin astindu ederra ematen zion Nafarroako bertako gainbehera politiko zein kulturalari .
Geronimo Uztaritzek burutu dituen ekimenen artean, agian aipaturiko horiek izan daitezke nabarmenak. Baina badira beste hainbat jardun bere lekua egin dutenak. Esate baterako » Navarra SigloXIX. Cien años de Historia». Hau da XIX mendeari buruzko erakusketa eta horren gaineko liburua. Iruñeko Gotorlekuan, Nafarroa osotik ekarritako tresnek eta tramankuluek aukera eman zuten joandako bizimodu, teknologi eta jardunetaz gogorazteko. Hainbat adituk horren karira prestatu zuten liburu mardulak ere agerian utzi zuen ahal zirela uztartu goimailako ikerketak eta bere dibulgazio erakargarria. Erakusketa hori, Gotorlekuan bertan, era zuzenean ikusi zuten askok, Geronimo Uztarizen ahalmena zen baino askoz haundiagoa izanen zela pentsatuko zutelakoan nago.
Era berean, urte horietan zehar, bere txikitasunean, Geronimo Uztariz gauza izan da mintegi eta jardunaldien bitartez, hainbat gaien gainean, gogoetak eta eztabaidak plazaratzeko. Beste batzuen artean, Lege hitzartuaren ingurukoak, edo «Emakumeak berriki gertatu Historian» gogoan ditut.
Bestalde, «the last but no least», mugarri txikiagoak baina kate luzeagoa osatu dutena, Geronimo Uztarizek kaleraturiko aldizkariak ditugu. Barne aldizkari xume bezala jaio zena, bigarren aletik aurrera, ikerketa eta gogoeta historiko askoren plazaratzeko bidea bilakatu zen. Hasiera batean, Institutuko partaideen ikerlerroen arabera gauzatuz joan ziren aleak pixkanaka pixkanaka, beste gaietara eta kanpoko ikerlariei ere irekiz joan dira ortzemuga historikoak ederki zabalduz. Historia garaikideak, azken hamarkadetan, auzi eta ildo berriak jorratzeko izan duen joerak ere isla zuzena izan du gure institutuko aldizkarian. Urtez urte, uts egiterik gabe, dagoeneko 24 aldiz kalean izan dugu eta bere apaltasunean, inolako erakunde haundi, unibertsitate edo ikerketa zentroren laguntzarik izan barik, bide hori jorratzea oso kontutan hartzekoa dugu.
Eta egia esan, aintzat hartzen dute batzuek. Azken uda honetan neri gertatutakoa lekuko apala. Nafarroako kultur arduretan goi mailean egondako batekin egon beharra izan nuen burutzen ari naizen ikerketa bat dela medio. Nere burua aurkeztu nionean, historia irakaslea nintzela esan ondoren. zertaz ari nintzen ikertzen aipatu nion. Berak, ordez, ni neu kokatzeko, berehala luzatu zidan galdera honako hau izan zen: » ¿Geronimo Uztaritzekoa zara zu, ezta?» Egia esan, ez dakit galdera horren atzean zer egon ziteken. Nolabaiteko kokapen hutsa, mesfidantza ala garai batean (?) artxiboetan eta antzekoetan lan egiteko izan ditugun oztopuak edo gure aurkako aurreritziak. Baina bistan dago, Geronimo Uztarizekoak gogoan dituzte kultur eragile nafarrek. Izan ere, bere txikitasunean, bere lekua egin du Geronimo Uztarizek Nafarroako historiografia garaikidean.
Dena den, etorkizunari begira, egokia bezain beharrezkoa izanen zen, gure 25 urtetako ibilbidean, sumatzen diren hainbat hutsune edo ahuleziei aurre egitea. Esate baterako, egun Historia garaikiderako irekitzen ari diren esparru haundien erronkei erantzuteko banakako lanak, neurri batean aitzindari eta eredugarriak izan daitezke, baina benetako aurrerapenak gauzatzeko, lan taldeak eratzea ezinbestekotzat jotzen dut. Alde horretatik, Geronimo Uztarizek, bere lehendabiziko urtetan, horrelako lan taldeak eratzeko izan zuen ahalmena berreskuratu beharko zuelakoan nago.
Era berean, gizartean zein gure esparru hurbilagoetan, historiaren inguruan izan diren eztabaidak- Memoria historikoaren legeaz, artxiboen gaineko arauetaz, Historiaren irakaskuntzaz, mota guztietako errebisionismo edo desbideraketa sasihistorikoetaz- era antolatu batez burutzeko kemena izatea. Geronimo Uztarizeko partaideen artean, beste eremutan legez, iritzi desberdinak daude baina guztien arteko elkartrukatzea oso emankorra izanen litzateke Institutuarentzat baita historialarientzat ere. Behinik behin, gaur egun historiak, hezkuntzan zein gizartean duen egoera zaila gainditzeko, ohiko periferiatik egin ditzakegun gogoetak aberasteko eta ezagutarazteko. Azken batean hain azkar igaro diren hogeitabost urte horietan denon artean metatu dugun eskarmentua historia hobekiago egiteko beste hainbesteko urtetako pizgarria izan dadila. Hortxe ere Geronimo Uztarizek badu egitekoa eta izatekoa. Aunitz urtez, hala bedi!
Josu Chueca Intxusta
Euskal Herriko Unibertsitatea